Barakaldok 60 zuhaitz inguru landatuko ditu larunbatean BECen inguruan - Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzalea

Barakaldoko EAJ Barakaldoko EAJ


Hasiera > Albisteak > Barakaldok 60 zuhaitz inguru landatuko ditu larunbatean BECen inguruan

Barakaldok 60 zuhaitz inguru landatuko ditu larunbatean BECen inguruan

2024/02/29


Larunbat honetan, martxoaren 2an, 10:00etan, Barakaldon hiri-zuhaitzen landaketa egingo da BECen inguruan. Ekologistak Martxan elkarteak bultzatutako ekimena da eta elkarte ugari batu dira. Erakustazokaren inguruan hiri-zuhaiztiak jartzeko proiektuaren lehen fasean kokatzen da, hiria birnaturalizatzeko helburuarekin.

Jarduerak Garapen Jasangarriaren eta Ingurune Naturalaren Udal Arloaren eta Auzoetarako eta Hirirako Obra eta Zerbitzuen Kudeaketa Arloaren laguntza du, baita Bizkaiko Foru Aldundiaren baimena ere. Oraingoan, 60 zuhaitz inguru landatuko dira: gurbitzak, ereinotzak, haltzak eta zuhandorrak. Zuhaitz horiek, helduaroan, 10 eta 15 metro arteko altuera izango dute.

Landaketa egingo den eremua Ansioko metro geltokitik Retuerto ingurura doa, Ismael Gorostizako errondatik zehar eta azokatik hurbilen dagoen aldean.

Ekimenean parte hartzen dute, halaber, Babes Zibileko boluntarioek, Usoa Tailerrak eta honako erakunde hauek: Triangunea, Bizizaleak, Mekauen, Eguzkizaleak, Eguzki, Lurgaia, Barakaldo Lagunkoia, Ikhoba Kirol Kluba, Federiko Ezkerra, Biziz Bizi, Lutxanako Auzo Etxea, Agharas, Barakaldo Naturala, Arteagabeitia-Zuazoko Ibarreta Auzo Elkartea, Atarrabi Taldea, Stop Tala Deusto eta HiriBerdeak.

Landatzeko erabiliko den konposta bosgarren edukiontzitik (marroia) datozen hondakin organikoekin fabrikatu da Barakaldon, zerbitzu horren erabilera eta, oro har, birziklapena sustatzeko.

(ITURRIA: Barakaldoko Udala)

Partekatu:
Twitter Facebook