Barakaldo Piztuz berriro dugu hirian umeentzako euskarazko dozena erdi jarduera eskainiz - Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzalea

Barakaldoko EAJ Barakaldoko EAJ


Hasiera > Albisteak > Barakaldo Piztuz berriro dugu hirian umeentzako euskarazko dozena erdi jarduera eskainiz

Barakaldo Piztuz berriro dugu hirian umeentzako euskarazko dozena erdi jarduera eskainiz

2017/05/17


Barakaldoko Udalak, aurten ere, `Barakaldo Piztuz´ Lehen Hezkuntzako ikasleentzako jarduera programa abiarazi du, ikasgeletatik kanpo euskara erabiltzea sustatzen duena hain zuzen. Maiatzaren bigarren hamabostaldian garatuko da programa eta dozena erdi jarduera eskainiko dira.
Berritzegunerekin eta udalerriko ikastetxeekin batera garatzen den programa hori aste honetan hasiko da, eta horretarako, Barakaldo Antzokian, `Sorginaren edabe magikoa´ antzezlana izango dugu ikusgai ostegun honetan, maiatzak 18.

Gainera, maiatzaren 23an eta 24an, Hala Dzipo musika eskolaren `Euskal soinu tresnekin jolasean´ ekimenari esker, umeek hurbiletik ezagutu dezakete musika. Ekimena Clara Campoamor eta Gurutzeta zentroetan, hurrenez hurren, egingo da.

Maiatzaren 29an, astelehena, Barakaldori buruzko lehiaketa bat antolatu da, bertan, Lehen Hezkuntzako 5. mailako ikasleek parte hartuko dute eta hiriari buruzko galderei erantzun beharko diete. Ekimena Clara Campoamor zentroan gauzatuko da.

Programari amaiera emateko, bertsoen inguruko topaketa bat egingo da Clara Campoamor zentroan. Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleek ikasturte honetan `Bertsolaritza´ programaren bitartez egindako lana ezagutaraziko dute. Ikasleek abestiak kantatuko dituzte musikaz lagundurik. Bertso lehiaketa ere egingo da.

“Jarduera horien helburu nagusia udalerriko ikasleei euskara ikasgaia baino gehiago dela ikusaraztea da, eta euskara jolasteko, dibertitzeko, lagunak egiteko... ere erabili ahal dutela. Azken batean, euskara ikastetxetik kanpo ere erabil daitekeela ikustea” azaldu du Kultura, Hezkuntza, Euskara, Gazteria eta Droga-mendekotasunen Prebentzio Arloko zinegotzi Nerea Canterok.

MINTZODROMOAREN DEIALDI BERRIA

Bestetik, Udalak Berbalagun programarekin ere parte hartuko du Mintzodromo berria antolatzen, hirian egiten den laugarrena dena. Maiatzaren 25ean, osteguna, izango da Anaien Parkean.


Taldeka hainbat gairi buruz hitz eginez euskararen erabilera sustatzen duen ekimena goizez zein arratsaldez izango da, 10:00etan eta 18:00etan.
Beharrezkoa da aurretik izena ematea. Hainbat modu daude izena emateko: Zuzenean egin daiteke Hizkuntza Eskolan, Udal Euskaltegian edo AEKn, bestela, posta elektronikoz (barakaldo_berba@aek.eus) edo whatsapp bidez (678 626 567).

Partekatu:
Twitter Facebook