Barakaldo hobetzeko 27 proiektutan gauzatuko dira partaidetzazko aurrekontuak - Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzalea

Barakaldoko EAJ Barakaldoko EAJ


Hasiera > Albisteak > Barakaldo hobetzeko 27 proiektutan gauzatuko dira partaidetzazko aurrekontuak

Barakaldo hobetzeko 27 proiektutan gauzatuko dira partaidetzazko aurrekontuak

2017/05/19


Munoa Finkako ikusgaitasuna eta erabilera publikoa hobetzea. Serraltako futbol zelaian, belar artifiziala jartzea. Etxerik gabekoentzako eguneko zerbitzuak ugaritzea. Tribuna bat, Ansioko zelairako. Magallanes kalean haurrentzako jolas parke bat jartzea . Adinekoentzako gimnasia egiteko makinen guneak. Horra hor, Partaidetzazko Aurrekontuen proiektuan parte hartu duten barakaldarrek urte osorako egindako proposamenetako batzuk. Gaur goizean aurkeztu du Barakaldoko Udalak ekimen honi esker egingo diren proiektuen behin betiko zerrenda. 16 urtetik gorako populazioaren % 3k baino gehiagok hartu du parte galdeketan.


Partaidetzazko Aurrekontuei atxikitako milioi ehun mila euroak honela inbertitu nahi dituztela esan dute herritarrek: etxerik gabeko jendearentzako zerbitzuak ugarituz; kirol instalazioak hobetzuz; Munoa Finkaren erabilera publikoa sustatuz eta umeen eta gazteen jarduerak eta ekipamenduak handituz. Partaidetzazko Aurrekontuen lehenengo fasean herritarrek beraiek proposatutako proiektu zehatzez eratua zegoen multzo horietako bakoitza. Proposamen horietarako programa edo jarduera bana sortu eta diseinatu dute udal teknikariek, eta, ondoren, beharrizanen eta lurralde-zuzentasunaren arabera aukeraketa egin du partaidetzazko prozesuan aditua den teknikari taldeak.


“Ezer baino lehen, eskerrak eta zorionak eman nahi dizkiet teknikariei, lan eskerga egin baitute auzotarren proposamenak aztertu eta non garatu behar diren erabakitzen. Lehentasunak ezarri izanari esker, jarduketak hainbat auzotan egingo dira" azaldu du Barakaldoko alkate Amaia del Campok.


27 proiektutan gauzatuko da herritarren parte-hartzea. Lehenengo proiektua, boto gehien jaso dituena, hain zuzen ere, etxerik gabekoentzako zerbitzuei dagokio.


“ Etxerik gabekoentzako zerbitzuak eskaintzeko gune bat kudeatzen du, egun osoz, Goiztiri elkarteak. Lankidetza hitzarmen baten bidez sendotuko dugu haien lana, Partaidetzazko Aurrekontuen bidez. Horrela, harrera egun eta orduak luzatuko ditugu, etxerik gabe daudenek oinarrizko beharrizanak bete ditzaten” aurreratu du Alkateak. “Garbitzea izango dute, baita otorduak egitea ere, egunez. Halaber, beren egoera normaltzeko moduari, dituzten eskubideei edo izan ditzaketen baliabide sozialei buruz orientazioa jasoko dute.

KIROL INSTALAZIOAK HOBETZEA
Boto gehien jaso zituen bigarren aukera Kirol Instalazioak Hobetzea izan zen. Teknikarien azterketaren ondoren, hauek dira gauzatuko direnak:
-Serraltako futbol zelaiko belar artifizialeko soropila berritzea.
-Gorostitzako kiroldegia hobetzea, hockey zelaiko kanpoko pabiloiko estalkia ordezkatuz.
-Lasesarreko kiroldegiko belar artifizialeko zelaian aterpe bat edo estalkia duen alde bat sortzea.
-Ansioko futbol zelaiko ekialdean tribuna edo harmaila aurrefabrikatu bat jartzea.
-Siebeko frontoia zaharberritzea: hormak saneatu, babes sarea jarri, zoladura konpondu eta argiak instalatu.
-Megaparkeko alde publikoan, adinekoentzako gimnasia aparatuak jartzea.
- Retuerton, adinekoentzako gimnasia aparatuak jartzea.
- Lutxanan, adinekoentzako gimnasia aparatuak jartzea.
-Lasesarreko skate pistak hobetzea.

MUNOA FINKAKO IKUSGAITASUNA ETA ERABILERA PUBLIKOA HOBETZEA
Bozka gehien jaso dituen hirugarren proposamena Munoa Finkako erabilera publikoa sustatzea izan da. Hauek dira proiektuak:
-Finkako murrua egokitu, jatorrizko zatiak errespetatuz. Hesi bat jarri, finka kanpotik hobeto ikusteko.
-Kultur erabilera sustatze aldera, arte eta kultur jaialdi bat egingo da (“Munoa Fest”): lorategia eszena-toki bihurtuko da, dantza, antzerkia, poesia, irakurketa eta beste hainbat gauza egiteko.
Multzo honetan lau proposamen egin zituzten auzotarrek: finkaren ikusgaitasuna hobetzea; finkaren inguruko estetika eta ekonomia hobetzea; finka kultur zentro erraldoi bihurtzea eta haur parke bat, komunak eta bideak jarri eta jesarlekuak margotzea.
“Duela gutxi izendatu zuten Munoa Finka Monumentu Multzo, eta ondorioz, erabilera eta aldaketak mugatuta daude. Hori horrela, Bizkaiko Foru Aldundiari galdetu behar izan diogu ea haurren parkea jartzerik ba ote den. Ezezkoa eman digute” iragarri du Del Campok.
“Hasieran, onartu egin genuen proposamena, haur parkea jartzea eskatzen zelako. Komuna, bide berriak eta jesarlekuen eraberritzea beste udal proiektu baten barruan sartuta dago; beraz, ez da partaidetzazko aurrekontuen bitartez ordainduko" gogoratu du Alkateak, “eta, modu horretara, diru hori beste ekimen baterako erabili ahal izango dugu".

DOZENA BAT KULTUR JARDUERA BERRI
Barakaldarrek aukeratu duten laugarren proposamena haur eta gazteen ekipamendu eta jarduerak ugaritzea izan da.
Atal honetara bildu dira:
-Haurrentzako jolas parke bat jartzea Magallanes kalean.
-Ipar Beurko Bulebarreko parkean babes hesi bat jartzea.
-Haur, gazte eta familientzako jarduera berriak antolatzea.
-Apapa: haur-familientzako kale jardueren programa.
-Robotika eta zientzia atsegina: 8tik 11 urtera bitarteko neska-mutikoentzat.
-Ratataplam- Kaleko zirku jaialdia.
-“RockinBizi” jaialdia, familia osoarentzat. The Beatles, ACDC eta Platero y tú gisako banden omenez antolatua.
-Denok Euskaraz, Tú también indartzea, bestelako jardueren bitartez.
-Ipuin kontaketa eta haurrentzako kale antzerkiko jardunaldiak.
-Txikigune
-Familia osoa jolasean
-Zientziaren astea. Bestelako eduki eta lantegiak.
-Joko elektronikoen jardunaldiak, familia osoarentzat.
-Kontzertu didaktikoa, familia osoarentzat.
-Udaguneak: hiri kanpamentuak, ikastetxeetan, 6tik 11 urtera bitarteko neska-mutikoentzat.
Inplikatutako dauden arlo bakoitzeko teknikariek jarduketa bakoitzerako gutxi gorabeherako aurrekontuak aurkeztu dituzte: guztira, 1.080.000 euro. “20.000 euro gorde dira, bada ez bada ere. “Erabiltzen ez badira, herritarrek egindako proposamenen bat aurrera ateratzeko erabiliko dira 20.000 euroak” esan du Alkateak.

16 URTETIK GORAKO HERRITARREN % 3REN PARTE-HARTZEA
Aurten jarri du Barakaldok lehenengo aldiz martxan horrelako partaidetzazko prozesu bat, eta 2.600 bat lagunek (16 urtetik gorako herritarren % 3) hartu du parte. “Oso garrantzitsua dela uste dugu auzotarrek udal gaietan erabakitzeko ahalmena izatea; eta areago, inbertsioa beren auzoetan egingo baldin bada, beraiek ezagutzen baitituzte beharrak inork baino hobeto" nabarmendu du Alkateak. “Badakigu, asko dagoela hobetzeko, prozesuan. Aurtengo % 3 hori haztea da datorren urterako erronka” aurreratu du.


Prozesu osoa azter daiteke Udaleko web orrian: han daude herritarrek egindako proposamen guztiak bai eta Udalak bakoitzari emandako erantzunak ere. Halaber, bozketa prozesua, irabazle suertatu diren proposamenak eta proiektuen exekuzioa. “ Hori dugu kudeaketa gardenaren beste erakusgarri bat: barakaldar orok jakingo du zertan erabili den bere dirua” azpimarratu du Del Campok. “3.000 bat herritarrek eman du beharrezkoen jotzen zuenaren aldeko bozka, eta gure betebeharra da egin duten ahalegina gauzatzea. Hori da gure konpromisoa” esanez bukatu du Alkateak.

Partekatu:
Twitter Facebook