Barakaldo Antzokiak 23 ikuskizunekin hasiko du denboraldia, eta horietatik 11 estreinaldiak izango dira - Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzalea

Barakaldoko EAJ Barakaldoko EAJ


Hasiera > Albisteak > Barakaldo Antzokiak 23 ikuskizunekin hasiko du denboraldia, eta horietatik 11 estreinaldiak izango dira

Barakaldo Antzokiak 23 ikuskizunekin hasiko du denboraldia, eta horietatik 11 estreinaldiak izango dira

2022/01/20


Barakaldo Antzokiaren denboraldi berrian 23 antzerki, musika, dantza eta zirku ikuskizun eskainiko dira. Hala jakinarazi dute Rakel Olalla, Barakaldo Antzokiko presidenteak, eta Ana López Asensiok, Antzokiko zuzendariak. "Baina gaur aurkezten dugun programaziotik zerbait nabarmendu badezakegu ikuskizun askoren berritasuna da, Euskadin lehen aldiz gure Antzokian ikusi ahal izango direlako. Izan ere, Barakaldo Antzokiak otsailetik maiatzera bitartean 11 estreinaldi aurkeztuko ditu, horietatik 2 absolutuak. Erabateko bi estrainaldi horiek Ama eta Mierda de ciudad dira", azaldu du Olallak. Antzokiak, gainera, berriz ere eskolentzako antzerkia hartzen du, Eskolatik Antzokira ekimena, pandemiaren ondorioz azken hilabeteetan bertan behera geratu zena.

Denboraldi berriak atal berezia izango du toki eszenarentzat, Arimaktore Aretoaren hamargarren urteurrena ospatuko baita. Bertan euren lau ekoizpen ikusi ahal izango dira: Siempre juntos, Ifigenia Glanz, Gran Cabaret Pachón eta Funeral. Presidenteak azpimarratu duenez, "gure hirian arte eszenikoen aldeko apustua egiten duten artistak eta sortzaileak ezagutzeko aukera" da.

Denboraldiak 11 estreinaldi izango ditu otsailetik maiatzera bitartean. Erdiak antzerkikoak izango dira eta lehenengoa otsailaren 5ean iritsiko da. Las Aves antzezlana da, Aristofanesen komediaren bertsio bat, non umorea diskurtso politikoaren zerbitzura jartzen den. Ikuskizuna populismo neoliberala nagusitu den garai hauetan demokraziaren ajeen aurkako tiroa da eta La Calóricaren proposamena da, une hauetako antzerki-konpainia puntakoenetakoa. "Zaleei ez galtzeko gomendatzen diegu, Kataluniako konpainia hau jarraitzaileen multzo itzela lortzen ari delako bere muntaketekin, eta publikoak jakin-minez eta gogo biziz itxaroten ditu euren lanak», adierazi du López Asensiok.

Hurrengo antzerki-ikuskizuna publiko guztiei zuzenduta dago eta otsailaren 13an iritsiko da, eta FETENen azken edizioko zuzendaritza eta interpretazio koral onenaren sarien bermearekin dator. Soy una nuez antzezlana da, haur guztiek loreen artean hazteko eskubidea dutela gogorarazten digun istorio hunkigarria. Honako hau ere estrainaldia da Euskadin eta Zum-Zum Teatreren eskutik iritsiko zaigu.

Oraindik otsailean, hilaren 19an, aurpegi ezagunez betetako elenkoa hartuko dugu Principiantes obran. Javier Gutierrez da Raymond Carverren kontakizun ospetsuenetako baten egokitzapen honen protagonista nagusia. Zertaz ari gara maitasunaz ari garenean? Andres Lima zuzendariak kontu hori argitu nahi du emanaldiko lau pertsonaien bitartez.

Eta otsaila erabateko estreinaldiarekin agurtuko dugu, hilaren 26an, Ama. Marie de Jonghen helduentzako lehen ikuskizuna da. "Ilusio berezia egiten digu pieza hau aurkezteak, bere sorkuntza-prozesuaren zati garrantzitsua Barakaldo Antzokian egin baitzen, konpainia gurean egoitza artistikoan egon zelako. Ama eguneroko super-anti-heroien istorioa da, pertsona hauskor eta beldurtuen sendotasunaz hitz egiten duena", zuzendariak gogorarazi duenez.

Martxoa beste estreinaldi absolutu batekin hasten da. Hilaren 12an Mierda de ciudad ikusi ahal izango da, Euskal Rock Erradikalaren mugimendu kontrakulturala kontatzen duen izaera performatiboko proiektu eszenikoa. Olatz Gorrotxategiren dramaturgia eta zuzendaritzarekin, lanak westerna erabiltzen du metafora gisa, eta gure haurtzaroko indioen eta cowboyen Comansi maketak narrazio elementu gisa. Eta hurrengo egunean, martxoaren 13an, publiko gazteenarentzako antzerkia itzuliko da Leihoak antzezlanarekin, 2 eta 5 urte bitarteko umeentzako Teatro Paraisoren proposamena, mundua jolasean deskubritzera gonbidatzen gaituena. Hilaren 19an Yerma ikusi ahal izango da, La Dramática Errantek amatasun nahiari buruz sortu duen ikuskizun interesgarria, maitasunaz, desioaz, arrakastaz hitz egiten duena. María Goiricelayak sinatzen du dramaturgia eta Ane Picazak interpretatzen duen pertsonaia baten erretratu garaikidea zuzentzen du.

Hurrengo proposamena beste euskal konpainia batek, Hika Teatroak, ekarriko digu: La Tarara. Josi Alvaradok idatzitako eta 70eko hamarkadan Bilboko San Frantzisko auzoan girotutako istorio honek SGAEren Ana Diosdado Antzerki Saria jaso zuen 2019an. Apirilean, hilaren 2an, N.E.V.E.R.M.O.R.E. ikusi ahal izango da, Prestigeren hondamendia egungo pandemiarekin lotzen duen pieza, Chévere konpainiako kideek bakarrik egin dezaketen bezala. Ondoren klasikoen txanda izango da Shakespeareren Noche de Reyes zoragarriarekin. Hilaren 9an izango da Alvaro Tatok eta Helena Pimentak Euskadin sinatzen duten bertsio honen estreinaldia. Eta maiatzaren 7an amaitzen da antzerki-kapitulua, Steven Berkhoffen Decadencia lanarekin.

MUSIKA-PROPOSAMENAK

Eta antzerkiaren ondoren hilabete hauetan proposamen gehien eskainiko dituen diziplina musika izango da. Otsailaren 4an hasiko da Benito Lertxundirekin eta bere azken lana, Ospakizun gauean, aurkeztuko du, bere obrarik ezagun eta enblematikoenak ere faltako ez diren kontzertu batean. Hurrengo kontzertua Areto Handian Clara Peya artista kataluniarrak emango du. Martxoaren 5ean pianista eta konpositoreak Perifèria albuma aurkeztuko du.

Apirilaren 30ean Juan Valderramaren ahotsa entzungo dugu Mujeres de carne y hueso lanean; lan hau ere lehen aldiz aurkezten da Euskadin eta bertan abeslariak emakumeek idatzitako poesia aldarrikatzen du. Areto Handian, halaber, El oficio del mar aurkeztuko da Euskadin, Jorge Usón buru duen Decarneyhueso taldearen kontzertua. Taldeak musika urbanoa, folklorea eta sustraietakoa biltzen dituen itsasoz haraindiko kabareta proposatzen du. Maiatzaren 14an izango da. Eta beste hiru kontzertu izango dira 2. aretoan, 360º Zikloaren barruan; proposamen horietan artistek eta ikusleek intimitate-espazioa partekatzen dute. Maiatzaren 17an Raquel Lúa Trioren dotorezia mediterraneoa; otsailaren 17an Kai Nakairen euskarazko erregetoi feminista eta apirilaren 7an, folklorearen eta poparen artean, Karmentoren txanda izango da.

Dantza Gernikarekin hasiko da. Ikuskizuna arrakasta handiz estreinatu berri dute Baionan, eta 2.000 pertsona baino gehiagok ikusi dute jada. Otsailaren 12an iritsiko da lehen aldiz Euskadira. Bilaka Konpainiak Martin Harriagueren koreografia duen lan hau aurkezten du. Martxoan, hilaren 18an, Lasalaren eta Dead lan txalotuaren txanda izango da. Judith Argomanizen zuzendaritzapean, piezak bizitzera gonbidatzen gaitu lau emakumeren istorioen bidez. Txikienentzako dantza ere izango da, La Sal Teatro taldearen Lar obrarekin. Apirilaren 10ean Euskadin estreinatuko dute. Eta dantza proposamenak La muerte y la doncella multisarituarekin amaitzen dugu. Asun Noalesek zuzendu eta koreografiatutako ikuskizunak, Schuberten musikari buruzkoak, beste sari batzuen artean dantza ikuskizun onenaren Max Saria jaso du eta apirilaren 23an ikusi ahal izango da lehen aldiz Euskadin.

Eta ikuskizun bakarra geratzen zaigu aurkezteko, maiatzaren 13an, Manolo Alcántarari harrera eskainiko diogu Dèjá Vu lanarekin. Alcantarak Zirku Sari Nazionala jaso berri du eta errealitatearen eta fantasiaren arteko mugak lausotzen dituen ikuskizuna aurkezten digu. Unibertso onirikoa, non objektuek ezinezko proportzioak hartzen dituzten.

BERRIKUNTZAK IKASTETXEENTZAKO ANTZERKIAREKIN ETA ANTZERKIAREN LAGUNEKIN

Urtebete baino gehiagoko derrigorrezko etenaldiaren ondoren abian jarri da Eskolatik Antzokira kanpaina hezkuntza-ziklo desberdinetarako sei titulu aurkezteko, Haur Hezkuntzatik Batxilergora. Honekin hogeita bat ediziotan arte eszenikoetara adin txikienetatik sartzen lagundu nahi da programazio berritzaile eta anitzaren bidez, konpainia ospetsuen eskutik.

"Halaber, berrikuntza bat nabarmendu nahi nuke Antzerkiaren Lagunen taldeko kide izan nahi dutenentzat; hemendik aurrera ere kuota urterokoa izango da, baina ez du zertan urte naturalarekin bat etorri. Horrela bazkide egin nahi duenak edozein unetan egin ahal izango du eta bere txartelak urtebeteko balioa izango du, alta noiz ematen zaion alde batera utzita", azpimarratu du Olallak.

Gainera, gazteentzako azken orduko deskontua oso harrera ona izaten ari dela nabarmendu du presidenteak. 13 eta 30 urte bitarteko ikusleek % 50eko deskontu horri heldu ahal izango diote baldin eta emanaldia hasi aurreko orduan sarrera erosten badute hautatutako ikuskizun batzuetan. "Gaur aurkezten ditugun proposamenen erdiak baino gehiagok deskontu horri heltzeko aukera ematen dute", gogorarazi du.

(ITURRIA: Barakaldoko Udala)

Partekatu:
Twitter Facebook