Barakaldoko bigarren partaidetzazko aurrekontuak martxan jarri berriak dira. Bihartik aurrera, Barakaldo berria eraikitzen jarraitzeko proposamenak aurkezteko aukera izango dute barakaldarrek. Ekimenak aurkezteko epea azaroaren 30ean amaituko da.
Udalak herritarren eskura jarri du 2,2 milioi euroko diru-partida. 1,1 milioi euro 2018ko proposamenetarako erabiliko da, eta beste 1,1 milioi euro, 2019ko proiektuetarako.
Herritarrek ideiak aurkezteko bi aukera dituzte, bata bulegoetara bertaratuz, eta bestea, posta elektronikoz. Herriko Plazako eta Clara Campoamor zentroko Herritarrentzako Arreta Zerbitzuko (HAZ) bulegoetan badituzte partaidetzazko aurrekontuen proiekturako bete eta aurkezteko inprimakiak. Parte-hartzea sustatzeko asmoz, herritarrek etxean ere jasoko dute inprimakia.
Bestalde, HAZeko bulegoetara joatea ezinezkoa duten edo nahi ez duten herritarrek Internet bidez ere aurkez ditzakete proposamenak; horretarako, Udaleko web orritik (www.barakaldo.org) inprimakia deskargatu, eta bete ondoren, emailez (aurrekontuak@barakaldo.org) bidali behar dute.
Barakaldar edo erakunde orok aurkez ditzakete partaidetzazko aurrekontuetarako proposamenak. Parte-hartzaileek proposamenak egin ahal izateko datu pertsonalak eman beharko dituzte, hala nola izena eta NANa, eta proposatzen duten proiektuari buruzko azalpen erraza baina zehatza egin beharko dute, bai eta arrazoiak eman eta nortzuk izan daitezkeen onuradunak azaldu ere. Interes orokorreko proposamenak izan beharko dira, eta herritarren bizi-kalitatea edo ematen diren udal zerbitzuen kalitatea hobetuko dutenak.
Partekatu: