Banan-banakako aholkularitza kanpaina bat abiarazi du Barakaldok merkataritzan euskararen erabilera bultzatzeko - Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzalea

Barakaldoko EAJ Barakaldoko EAJ


Hasiera > Albisteak > Banan-banakako aholkularitza kanpaina bat abiarazi du Barakaldok merkataritzan euskararen erabilera bultzatzeko

Banan-banakako aholkularitza kanpaina bat abiarazi du Barakaldok merkataritzan euskararen erabilera bultzatzeko

2017/03/01


‘Mugi Zaitez euskararen alde!- ¡Muévete a favor del euskera’ kanpaina abirazi du Barakaldoko Udalak, hiriko merkatari txikiei euskara egunerokoan nola sartu aholkatzeko. Ekimen aitzindaria da Barakaldon, eta euskara erabiltzeari beldurra galtzera bultzatu nahi ditu merkatariak, bai eta bezeroekiko harremanetan erabiltzera ere.


Zerbitzua doan da hiriko merkatari eta ostalarientzat. Nahi izanez gero, Udaleko Euskara Zerbitzuarekin harremanetan jar daitezke, eta han esango diete nola sartu edo indartu euskara beren lokalean. “Euskararen ezagutza, presentzia eta erabilera sendotu nahi ditugu Barakaldon, gero eta gehiago baitira ikasten ari diren herritarrak, baina ez dugu oraindik lortu kalean indarra hartzea” azaldu du, Kultura, Hezkuntza, Euskara, Gazteria eta Droga-menpekotasunen Prebentzioa Arloko zinegotzi Nerea Canterok.


Euskara kalera ateratzea da helburua, eta, horrenbestez, aholkularitza merkatari bakoitzaren beharretara egokituko da. Nahi izanez gero, saltoki bertara egingo da bisita, kanpainan parte hartzea erabakitakoan, eta horrela erabaki, esate baterako, zein diren euskarazko kartelak jartzeko lekurik egokienak.


Finean, merkatari bakoitzak duen euskara maila aisa erabiltzea da helburua, eta bezeroek ere saltokian noraino erabil dezaketen jakitea. “Sarri gertatzen da saltoki batera sartu eta ez jakitea euskaraz aritzeko gauza diren, eta jakin ezean, gaztelaniaz eskatzen duzu behar duzuna. Kanpainaren bitartez, hori aldatzen saiatuko gara, bai merkatariek bai bezeroek jakin dezaten zer erantzun aurkituko duten euskaraz mintzatzen direnean” laburtu du Canterok


Kanpaina azaldu eta hirian zabaltzeko, zenbait barakaldarrek bi bideoren grabazioan hartu dute parte ‘Mannequin Challenge’ bat egiteko, eta horren bidez agerian jarri nahi dute bezeroak euskaraz eskatzen duenean gerta daitekeen paralisia, ez baitaki zer eragin izango duen euskaraz mintzatzeak. Era berean, bideoan, Barakaldoko Udalak merkatari eta ostalariei Euskara Zerbitzuaren bitartez eskaintzen dituen zerbitzu guztiak agertzen dira.


Udaleko gizarte sareek eta udal euskara zerbitzuko euskara.barakaldo.eus sareak zabalduko ditu bideoak. Kanpainaren parte izan nahi duten merkatariek 944 789 528 telefono zenbakira hots egin edo helbidera idatz dezakete edo udaletxera bertara etorri.Kanpaina zuzenean dago loturik ‘Zabaldu Atea Euskarari’ udal kanpainari, zeinak euskarazko hitz eta esaldien eskuliburua eskaintzen duen merkatariek erabil dezaten. Horrezaz gainera, mapa digital bat egingo da, egunerokoan euskarari ateak zabaltzen dizkioten merkataritza eta ostalaritza lokalak non dauden jakiteko.

 

Partekatu:
Twitter Facebook