Amaia del Campo Barakaldoko alkate andre berria - Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzalea

Barakaldoko EAJ Barakaldoko EAJ


Hasiera > Albisteak > Amaia del Campo Barakaldoko alkate andre berria

Amaia del Campo Barakaldoko alkate andre berria

2015/06/13


Barakaldok gaurtik aurrera izango du bere historiako lehen alkate andrea. Amaia del Campo Berasategi aukeratu dute Barakaldoko Udala eratzeko egin den osoko bilkuran, maiatzaren 24ko hauteskundeetan zerrenda bozkatueneko ordezkaria izan delarik.

Barakaldoko udalak bere hamargarren legegintzaldi honetan 27 zinegotzi izango ditu, aurrekoan baino bi gehiago, 100.000 biztanleko kopurua gainditzera heldu delako.

Udalaren osaketa berri honen eraginez, Amaia del Campok 14 zinegotziren babesa beharko zuen ( hori baita korporazioaren gehiengo absolutua), zuzen-zuzenean alkatetza izendatua izan ahal izateko. Ez da hori gertatu, talde bakoitzak bere hautagaia aurkeztu eta babestu duelako. Ondorioz, Amaia del Campo alkate andre aldarrikatu dute, udal hauteskundeetan zerrenda bozkatueneko zerrenda burua izan delako.

Inguruabar hori ez da eman udal talde bakoitzak bere hautagaia aurkeztu eta babestu duelako, PSE salbu, alderdi honek ez duelako hautagairik aurkeztu eta boto zuria eman duelako. Del Campo alkate andre izendatua izan da aurreko udal hauteskundeetan zerrenda bozkatueneko zerrenda burua izan delako.

Amaia del Camporen hautagaitza Jon Andoni Uriak aurkeztu eta defendatu du. Bozeramaile jeltzaleak lehenengo eta behin eskertu nahi izan du iragan maiatzaren 24an Barakaldon aldaketa nahi zutela adierazi zuten barakaldarrek erakutsitako konfiantza " 32 urteren buruan, barakaldarrek agerian utzi dute eredu aldaketa eta Udala kudeatzeko molde aldaketa nahi dutela".

"Amaia del Campo izan da aukeratua gure herrian aldaketa hori zuzentzeko, eta 3 hamarkadaren buruan, aldaketa eskatu duten gainerako alderdiei eskatu nahi diegu konpromisoz eta arduraz jardutea eta aldaketa hori denon aurrean gauzatu ahal izatea" defendatu du zinegotzi jeltzaleak.

Uriak gogoratu du EAJ-PNVk hauteskunde egitasmoaren bidez hartu dituen konpromisoak direla " gure gobernu egitasmoaren oinarriak".

Jeltzaleen bozeramaileak gogoratu nahi izan du 12.542 barakaldar izan direla EAJ-PNVren hauteskunde egitasmoaren ardatzak babestu dituztenak, hala nola, enplegua sortzea, barakaldar emakume eta gizonen bizitza kalitatea bermatzea; eta, hori dena, gure Udala kudeatzeko molde berri baten bidez ( eraginkortasunez, demokratikoki eta gardentasun osoz) .

Barakaldar emakume eta gizon guztientzako alkate andrea

Amaia del Campok bere esker ona adierazi die gaur Barakaldoko alkate bihurtzera eraman duten barakaldar guztiei "Barakaldoko edozein herritarrek izan dezakeen ohorerik handienetakoa da; eta , aldi berean, ardura handia" aitortu du.

Osoko bilkura gela eta ondoko gela gainezka egon da gaur goizeko bilkurara hurbildu diren herritarrekin. Amaia del Campok bertaratu guztiei gogoratu die barakaldar guztien alkate andre izan nahi duela: "Ez dizuet huts egin nahi, barakaldar guztiok zuen alkatetzat jotzea nahi dudalako, iragan 24an bozkatu ninduzuenona zein ez. Orain eta hemen agintzen dizuet ahalegin guztiak egingo ditudala Barakaldo, Bizkaiko bigarren eta Euskadiko laugarren hiriko alkate izateak eskatzen duenari erantzuteko”.

Amaia del Campo alkate andreak azpimarratu duenez "gure herrikideek eta herriko elkarteetako eragileek eginiko iradokizunak dira gure konpromisoak, eta horietako asko errealitate bihurtzeko, ezinbesteko izango dugu Barakaldoko alderdien arteko normaltasuna eta harreman onak berreskuratzea; era berean beharko dugu gure Udalaren eta gainerako Erakundeen arteko harremanak normalizatzea, gure hiriaren eta gure herrikide eta elkarteen onerako egitasmoak garatu ahal izateko. Iskanbila eta gatazka alde batera utzi behar dugu eta gure herrikideek beren arazoak konpontzeko behar gaituztela pentsatu behar dugu".

Amaia del Campok konfirmatu du berak argi eta garbi duela Barakaldo herriak hurrengo lau urteotarako izango duen erronka. "Langabeziaren arazoa konpontzeko lana egin behar dugu, hori baita barakaldarrek planteatu diguten arazorik handiena. Zail gertatzen da langabezian dauden herrikideek ilusioak izatea, krisi gogorraren zartakoen eraginez beren bizitzak eta egitasmoak bertan behera geratu direnean. Gure herriko langabeentzako lanpostuak sortu behar ditugu, Barakaldoko merkataritza eta ostalaritza indartu behar dugu eta gure herrian kokatuta dauden langile autonomoak eta enpresak babestu behar ditugu, aberastasun eta jarduera ekonomikoa eragin dezaten eta horren guztiaren onurak barakaldarrentzat izan daitezen. Ahalegin guztiak egin beharko ditugu gure gazteak Barakaldotik irten beharrik ez dezaten, beren herrian izan ditzaten beren bizitza proiektuak martxan jartzeko aukerak" esan du.

Era berean azpimarratu duenez "Gure herrikideen bizitza kalitatea bermatzeko zerbitzuak diseinatu eta eman behar ditugu. Gure udalak ematen duen gizarte babesa finkatu eta hobetu behar dugu, krisiaren eraginez sortu diren bidegabekeriak konpontzeko eta egoera bidegabeei erantzuna emateko. Baina, ez hori bakarrik; barakaldarren eguneroko bizimodua ahal dugun atseginen egin behar dugu eta herritarrek argi eta garbi ikus dezatela Udala dela erakunderik hurbilena, bizkarra emanda baino, beren ondoan dagoen erakundea dela ”.

Zentzu honetan, Del Campok zera baieztatu du "hori dena burutu ahal izateko, argi daukagu Udal kudeaketa gardena eta parte hartzailea egin behar dugula, hiritarrak eta elkarteak kudeaketa lan horren funtsezko elementu izan daitezela, kontuan hartuko ditugulako eta Udalean hartuko diren eta eragiten dieten erabakiak hartzeko prozesuetan parte hartuko dutelako ”.

Barakaldoko alkate andreak esan du Udal gardenak sustatu behar duela " herritarrei kontuak argi eta garbi azaltzea, egiten diren egitasmoei eta egingo direnei buruzko informazio argi eta erraza emanez. Kontuak denon aurrean erakustea da aurpegia erakustea. Hori da parte hartzea, gardenak izatea eta politikagintza etikoagoa eta hurbilagoa burutzea. Hori izango da EAJ-PNVk Barakaldoko Alkatetzatik egingo duen bidea" .

Barakaldon, 2015eko ekainaren 13an

Prentsa zerbitzua

Partekatu:
Twitter Facebook