77.400 parte-hartzaile inguru izan dira Gabonaldian - Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzalea

Barakaldoko EAJ Barakaldoko EAJ


Hasiera > Albisteak > 77.400 parte-hartzaile inguru izan dira Gabonaldian

77.400 parte-hartzaile inguru izan dira Gabonaldian

2017/01/11


Aurtengo gabonetan Barakaldoko Udalak antolatutako Gabonaldia programan 77.440 lagun inguruk parte hartu dute. Programak adin guztietarako 70 jarduera baino gehiago eskaini ditu eta balorazioa oso positiboa izan da. “Datuek adierazten dutenez, herritarren artean arrakasta izan dute Udalak proposatutako ekimenek, izan ere, karpa ingurura hurbiltzea nahikoa zen programa familien gustukoa zela ikusteko" azaldu du Kultura, Hezkuntza, Euskara, Gazteria eta Droga-mendekotasunen Prebentzio Arloko zinegotzi Nerea Canterok.

Gabonaldia programa hirian barrena bereizitako zenbait esparrutan garatu da. Esparru nagusia Herriko Plazan jarritako karpa izan da. 2015. urtean erabili zen lehen aldiz gune hori, eta aurten, 8.900 lagun bildu dira bertan. Honako hauek izan dira ekitaldirik jendetsuenak: Txirri, Mirri eta Txiribiton (1.200 ikusle), El Show Cuadrilla de Drilo (1.000 ikusle) eta `Gerry Regitschinig´ zirku-antzerkia (900 lagun).

Beste gune garrantzitsu bat Barakaldo Antzokia izan da, 6.591 lagun bertaratu baitira. Eguberri eta Urte Berri egunetako kontzertuak, Barakaldo Futbol Klubaren mendeurrena, Habanerak, Eguberrietako abesbatzen kontzertua, Pirritx, Porrotx eta Marimotots, Diana Navarro eta Magiaren nazioarteko gala izan dira antzokiko 660 besaulkiak betetzea lortu dituzten ekitaldiak.
Txikiek Lasesarreko frontoian urtero egokitzen den haur ludoteka ere izan dute. Gune horretara 10.156 lagun hurbildu dira (umeak eta gurasoak). “Ludoteka hamaika egunetan egon da zabalik eta 5.095 umek parte hartu dute, gainerakoak nagusiak izan dira. Egunero 1.000 lagun inguru ibili dira” zehaztu du Canterok. Erabiltzaile kopururik handiena abenduaren 28an lortu zen, 1.278 umerekin, eta gutxien, abenduaren 23an –arratsaldez baino ez zen zabaldu- 332 umerekin, eta abenduaren 24an –goizez- 178rekin.

Kultur etxeek eta zentro zibikoek ere bat egin zuten Gabonaldia programarekin eta 11 tailer, 14 ikuskizun eta bi jarduera (doan) antolatu zituzten. 2.027 lagunek hartu zuten parte. “Zine emanaldiak Clara Campoamor zentroan eman behar izan dira karpakoak ez zuelako aurreikusi bezala funtzionatu. Zine emanaldi hauek (PAN, Hotel Transilvania 2 eta The Snow Queen) 234 ikusle bildu dituzte” zehaztu du Canterok.

OLENTZERO ETA ERREGEAK, JENDETSUENAK

Aurten ere, Olentzerori eta Erregeei harrera egiteko ekitaldiak izan dira jendetsuenak. Iaz, EAJ-PNV gobernu taldeak herritar orori zabaltzea erabaki zuen. Gutxi gorabehera 17.800 lagunek agurtu zuten ikazkina abenduaren 24an, goizean egindako ekitaldian eta arratsaldean karpan egindakoan eta kalejiran parte hartutako guztiak kontuan hartuta. Erregeek berriz, 31.700 lagun inguru lortu zuten kalera ateratzea egun osoan. “Olentzerori eta Erregeei harrera kalean egin ahal izatea oso gustukoa suertatu da umeekin batera momentuko magiaz gozatzera hurbiltzen diren barakaldarren artean” azpimarratu du Canterok.

Udalak 222.208 euro inbertitu ditu gabonetako kanpainan eta gutxi gorabehera 77.408 lagunek parte hartu dute antolatutako jardueretan -Gabonaldia 148.635,58 euro, Olentzero 31.026,40 euro eta Erregeak 42548,67 euro-. “Antzoki, karpa eta ludotekako datuak oso fidagarriak dira, zeren eta udal teknikariek aulki eta lekuen edukieraz baliatu baitira zenbatzeko. Desfileetako datuak orientagarriak dira, baina behetik kalkulatu dira” adierazi du zinegotziak.

 

Partekatu:
Twitter Facebook