30.700 eurotik gora bildu du Barakaldok, apirilean lurrikara jasan zuen Porto Viejo hiri senidetuari laguntzeko - Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzalea

Barakaldoko EAJ Barakaldoko EAJ


Hasiera > Albisteak > 30.700 eurotik gora bildu du Barakaldok, apirilean lurrikara jasan zuen Porto Viejo hiri senidetuari laguntzeko

30.700 eurotik gora bildu du Barakaldok, apirilean lurrikara jasan zuen Porto Viejo hiri senidetuari laguntzeko

2017/01/24


30.700 eurotik gora bildu du Barakaldok aurten, eta Manos Unidasi emango dio guztia. Iazko apirilean Richter eskalan 7,8ra iritsi zen lurrikarak zeharo hondatutako Ekuadorreko Porto Viejo hirian lan egiten du gobernuz kanpoko elkarteak. Gabonaldiko jardueretako sarreretatik edo sarreren zati batetik eta Haurren XVI. Merkatu Solidariotik atera da dirua.

Aurten lortutakoa izan da helburu solidario baterako bildutako kopururik handiena. 400 bat eskola-umerentzako eskola eraikitzeko erabiliko da bildutakoa. “Argi utzi du berriz ere Barakaldok, hiri solidario eta parte-hartzailea izateaz gainera, egoera latzetan bizi direnez arduratzen dela “ nabarmendu du Kultura, Hezkuntza, Euskara, Gazteria, Prebentzioa eta Droga-mendekotasun Arloko zinegotzi Nerea Canterok.
30.714,67 euro bildu dira, zehazki, eta Manos Unidas GKEri entregatuko zaizkio, 2004an Barakaldorekin senidetu zen Porto Viejo hiriaren berreraikitze lanetan laguntzeko, konpromisoa hartua baitzuen Udalak lurrikara gertatu zenean.
Azken hau izan da, orain arte egin den Haurren Merkatu Solidariorik arrakastatsuena. Bigarren eskuko jostailuak saltzen jardun duten 500dik gora ikaslek 19.417,52 euro bildu dituzte lehen hezkuntzako 21 ikastetxeetako IGEek eta Bilbao Bizkaia Kutxa Fundazioak antolaketan emandako laguntzaz. Iaz, ostera, 18.727,30 euro.


Aipatu kopuruari beste 5.166,15 euro gehitu behar zaizkio, Gabonaldian, Pirritx, Porrotx eta Marimotots ekitalditik ateratakoak. Haur ludotekan bildutakoa ere (sarrera, euro batean) erabiliko da helburu solidario bererako. Oraingoan, 5.096 euro bildu dira.


Ostalariek ere jarri dute beren harea alea kanpaina solidario honetan: ‘Monólogos de Humor’ ekitalditik ateratako 285 euro (2 euroan zegoen sarrera), bai eta Barakaldo Foto Festivalek ere, beste 750 euro.


"Pozik egotekoa dela uste dut, barakaldarren solidaritate ekintzari esker Ekuadorreko 400 neska-mutikori lagundu ahal izango baitiegu eskolara bueltatzen” azpimarratu du Canterok.
30.000 euro gainditu izanak erakusten du, ikasleen eta haien gurasoen ahalegin eta konpromisoari esker urtero antolatzen den Haurren Merkatu Solidarioa tresna eraginkor bihurtzen ari dela beharrizan handiak dituztenei laguntzeko” ziurtatu du.


“Eskerrak eman nahi dizkie Udalak ekimen honetan parte hartu duten guztiei, bai antolakuntzan jardun dutenei, bai Herriko Plazara erostera etorri direnei, haien laguntzarik gabe ezingo litzateke eta”.

 

Partekatu:
Twitter Facebook