2.600 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute Barakaldoko bandera ofizialaren aukeraketan, eta hiru zerrenda horizontal dituenari eman zaio boto gehien - Barakaldoko Euzko Alderdi Jeltzalea

Barakaldoko EAJ Barakaldoko EAJ


Hasiera > Albisteak > 2.600 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute Barakaldoko bandera ofizialaren aukeraketan, eta hiru zerrenda horizontal dituenari eman zaio boto gehien

2.600 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute Barakaldoko bandera ofizialaren aukeraketan, eta hiru zerrenda horizontal dituenari eman zaio boto gehien

2022/02/16


Zerrenda hori bi eta beste beltz bat. Aukera horrek izan ditu boto gehien, Barakaldoko Udalak udalerriko bandera ofiziala aukeratzeko egin zuen parte hartzeko prozesuan. Espainiako Bexilologia Sozietateak proposatu zituen bost aukeretako lehenari eman zaio boto gehien, bandera aukeratzeko asmoz 2.600 barakaldarrek baino gehiagok parte hartu duten prozesu horretan. Alkateak eskerrak eman ditu: «Parte hartu duten guztiei eskerrak eman nahi dizkiet, gure hiriaren une historiko honetan parte hartzeko denbora hartzeagatik; guztion artean bandera ofiziala eman diogu Barakaldori, barakaldar guztiak ordezkatzen dituen bandera».

Barakaldok ez du inoiz bandera ofiziala izan. Bizkaiko bigarren hiria eta EAEko laugarrena izanik pentsatu genuen hiriak ikur garrantzitsu hori behar zuela, barakaldar guztiak ordezkatuta sentitu behar zirelako. Bandera bat onartzeko prozesuari helduz, lehenbizi bexilologiako aditu baten txostena behar da. Horregatik, Udala Espainiako Bexilologia Sozietatearekin jarri zen harremanetan eta Barakaldoko banderak izan behar zuen itxurari buruzko azterlan bat egiteko eskatu zion. Del Camporen esanetan: «Udalerriko banderaren aukeraketa kontuzko gaia da, mesfidantzak eta interpretazio txarrak eragin ditzakeena; horregatik erabaki genuen Espainiako Bexilologia Sozietatearekin hitz egitea. Sozietatea irabazi-asmorik gabekoa da, Espainiako estatuan bexilologiaren azterketa eta garapena sustatzeko, hau da, banderak aztertzeko sortu zena». Ondoren, alkateak honako hau azpimarratu du: «Horrela, gaiari lotutako edozein susmo baztertu nahi izan genuen, prozesuak eskatzen duena txostena aditu batek egitea baita; aukera onena arlo horretako adituak biltzen dituen elkarte horren bidez egitea izan da, kontuan hartuta, gainera, elkarteak, sortu zenetik, 248 udalerriri eman dizkiola aholkuak».

Espainiako Bexilologia Sozietateak doako aholkularitza-zerbitzua ematen die bandera bat eduki nahi duten entitate publikoei, ordura arte banderarik izan ez dutelako edo bandera aldatu nahi dutelako. Banderak diseinatzeko espezializazioa behar da, eta espezializazio hori ezin dute bere gain hartu bexilologiako ezagutza handirik ez duten diseinatzaile grafikoek, historialariek edo heraldistek. Barakaldoko banderaren txostenak José Manuel Erbez bexilologo espainiarrak bermatu ditu. Erbez jauna gaur egun Espainiako Bexilologia Sozietateko idazkaria da, Geografia eta Historian dago lizentziatuta, Sevillako Unibertsitatean, eta horri buruzko liburu batzuk ere idatzi ditu.

Adituen azterlanean jasotzen zen, haien ustez, horia eta beltza zirela «hiritarrak hobeto identifikatzen zituzten» koloreak. Alkateak gogoratu bezala: «Egia da kolore horiek behin eta berriro agertzen zaizkigula gure hiriko klub batzuen identitate-ikur moduan; gainera, hiritarrek ere erabiltzen dituzte, duela urte asko, Udalari aurkezten dizkioten diseinuetan, adibidez Karmengo jaietako karteletan». Izan ere, barakaldarrek aztertu beharreko bost aukerek zituzten bi koloreak, baina osaketa desberdinekin.

ZALANTZARIK GABE GUSTOKOENA IZAN DA BIZTANLEENTZAT

Boto gehien izan dituen eredua argi eta garbi gustukoena izan da hiritarrentzat. A aukera izan da irabazlea, 827 botorekin; hiru zerrenda horizontal zituen eredua zen. D aukerak, goian zerrenda horia eta behean zerrenda beltza zituena, 697 boto izan ditu. E aukera hirugarrena izan da, hiru lerro bertikal zituena, eta 572 boto izan ditu. B eta C aukerek (lerro bertikal bi bakoitzak) izan dute boto gutxien: 339 eta 160 boto, hurrenez hurren.

Botoak emateko aukerarik erabiliena online metodoa izan da; hau da, botoen % 83 online eman dira eta presentzialki emandako botoak parte-hartze osoaren % 17 izan dira. Botoak barrutika bereizita, honako auzo hauetan izan da parte-hartzerik handiena: Lasesarre – Urban, 470 boto; Done Bikendi, 375 boto; Arteagabeitia – Zuhatzu, 356 boto; Santa Teresa –Bagatza, 303 boto; Gurutzeta, 277 boto; Errekaortu eta Errekatxo, 209 boto; Lutxana, Llano eta Burtzeña, 206 boto; Arrontegi, 202 boto eta, azkenik, erdigunea, 197 boto.

HURRENGO URRATSAK

Bandera ofiziala aukeratzeko prozesua hasiera-hasieratik helarazi zaie Udalean ordezkatuta dauden alderdi guztiei. Lehenbizi jakinarazi zitzaien gai horretan adituak zirenengana joko zela bandera-proposamenak egin zitzaten, eta, ondoren, proposamenak eta informazio osoa aurkeztu zitzaien. Hiritarrek bandera hautatzeko prozesua amaitu ondoren, gaur goizean datu guztiak jaso dira eta Alkatetza Batzordean emango da horien berri. Orain Udalean ordezkaritza duten alderdi politikoek babestu behar dute barakaldarren erabakia datorren astean egingo den ohiko osoko bilkuran. Alkateak, amaitzeko, honako hau adierazi du: «Espero dut Barakaldoko alderdi politikoek maila ematen jakitea eta, interes alderdikoiez haratago, barakaldarrek gure herria ordezkatzeko aukeratu duten bandera onartzeko gai izatea».

Osoko bilkurak hiritarren proposamena onartzen badu, Batzar Nagusietara bidaliko da, han berretsi dadin.
(ITURRIA: Barakaldoko Udala)

Partekatu:
Twitter Facebook