Karmenak gero eta gertuago daude, eta motorrak berotzen hasteko, Barakaldoko Udalak ireki berri du aurtengo jaietako irudia aukeratzeko lehiaketa. Beraz, herritarrek eta artista interesatuek, beren kartel proposamenak aurkeztu ahal izango dituzte datorren apirilaren 20rarte. Bozkaketa herrikoi artean erabakiko da irabazlea, eta 1.000 euro irabaziko ditu.
Barakaldo jai giroz jantziko da uztailaren 14tik 22ra, eta nahitaez agertu beharko dira bi data horiek aurkeztuko diren lan guztietan. Luma-kartoi gainean eta kristalik gabe aurkeztu beharko dute beren proposamena parte-hartzaileek. Gainera, CD batean kartelaren hiru digitalizazio ere aurkeztu beharko dituzte, 200 kb-ko JPGa, Mb1-eko JPGa eta azken inprimaketaren tamainako erresoluzio altuko PDF bat.
“Gaia librea da, baina beti azpimarratzen dugun moduan, Karmenetako jai grina islatu behar du kartelak” adierazi du Nerea Caterok, Kultura, Hezkuntza, Euskara, Gazteria eta Drogomendekotasunen Prebentzio arloko zinegotziak.
Udaletxeko Kultura, Hezkuntza, Euskara, Gazteria eta Drogomendekotasunen Prebentzio arloan, Udaletxeko behe solairuan (Herriko Plaza 1), aurkeztu daitezke lanak apirilaren 20rarte, 9:00etatik 14:00etara.
Karteletan ezingo da ikusgai egon egilearen izena. “Lanaren egilea zein den ez jakiteko eta epaimahaiaren erabakia guztiz gardena izan dadin, lanari atxikitutako gutun-azal batean idatzi beharko dira egilearen datuak” esan du Canterok.
Aurreko urtean bezala, Udalak barakaldarren kartel gustukoena zein den jakiteko, lan finalisten artean bozkatu ahalko dute herritarrek; kultur etxeetan egongo dira ikusgai kartelak.
Partekatu: