Udalak Osoko Bilkuran aurkeztuko du lursaila 3,8 milioi euroren truke erosteko akordio-proiektua, onetsi dezaten. Lehenago Bizkaiko Labe Garaien errepide zaharra zegoen lekuak barakaldarrentzako lurra berreskuratzen eta Lutxanaren garapena errazten lagunduko du.
Barakaldoko Udalak gaur egun Interfábricas errepidea hartzen duen lursaila berreskuratu ahalko du, Lutxana auzoaren inguruan barakaldarrentzako gunea irabazteko. Hala iragarri dute gaur goizean Amaia del Campo alkateak, Juan Antonio Pizarro Etxebizitza, Plangintza eta Hirigintza Kudeaketako zinegotziak eta Danel Sola Ekonomia, Ogasun, Ondare eta Kontratazioko zinegotziak. Jakinarazi dutenez, Udalak lursail horiek 3,8 milioi euroren truke erosteko akordio-proiektu batean dihardute lanean. «Gune horrek beti mugatu izan du Lutxana auzoa, eta itsasadarrerantz aurrera egin ahal izatea zaildu digu. Operazio honi esker, auzoaren modernizazioan aurrera egiten jarraitu ahalko dugu; auzoaren eta itsasadarraren arteko hesi erreala saihestuko dugu eta ingurua bateratuko dugu, eta lurrak irabazi ahalko ditugu lutxanatarrek zein gainerako barakaldarrek gozatu ditzaten», adierazi du Del Campok.
Zehazki, Ansioko biribilgunearen ¿metroaren ondoan¿ Lutxanako Renfeko trenbidearen gaineko zubiaren artetik igarotzen den tartea da. Azken hilabeteetan lan koordinatua egin da Auzoetarako eta Hirirako Obra eta Zerbitzuen Arloaren; Etxebizitza, Plangintza eta Hirigintza Kudeaketako Arloaren; eta Ekonomia, Ogasun, Ondare eta Kontratazioko Arloaren artean, lursailaren jabeekin akordio batera iristeko xedearekin. Ildo horretatik, Udalaren Osoko Bilkurak akordio-proiektu bat eztabaidatu ahal izango du. Proiektu horren arabera, 2.000 metro karratu inguruko lursail batengatik 3,8 milioi euroko prezioa ezartzen da. Inbertsioa aurreko urteko soberakinetatik egingo da; hortaz, ez da zorpetu behar.
«Operazio hau garrantzitsua da, urte asko baztertuta daramatzan proiektu bat desblokeatzeko aukera eta Lutxana auzoko puntu batean (jarduketarako zehaztuta dagoena) jarduteko eta urbanizatzeko aukera ematen baitu. Proiektu horretan Ansio eta itsasadarra lotzen dituen pasealeku eta bidegorri bat eta Lutxana-Burtzena etorkizuneko bidegorria aurreikusten dira. Horren bidez, Ezkerraldearekin eta Bilborekin bizikleta-trafikoa errazteaz gain, Lutxanaren eta Llano auzoaren beheko zatiaren lotura eta kohesioa hobetuko da», adierazi du Solak.
EROSKETARAKO AKORDIOA
Gaur egun, erreklamazio juridikoko prozesu bat dago aktibatuta, eta tasazioa 17 milioi ingurukoa da, bidearen titulartasunagatik eta erabilerarengatik. «Zerk ahalbidetuko du erosketa-operazio hau? Lursailaren titulartasuna izatea oso garrantzitsua da, izan ere, bide hori egokitzeko beharrezkoak diren hirigintza-garapenak egitea ahalbidetuko digu; argi baitago erabateko urbanizazio bat behar duela», azaldu du Solak. «Horrez gain, erosketa-operazioa baino kostu askoz altuagoa dakarren auzi bat saihestuko litzateke aldeen oniritziarekin», argitu du.
«Lurra erostea eta Interfábricas errepidean egingo den urbanizazioa ezinbestekoak dira lutxanatarrentzako. Bi neurri horiek Lutxanako hiri-bilbea eta bizilagunen ongizatea hobetuko dituzten Serraltako operazioarekin eta hirigintzako beste esku-hartze batzuekin amaitzea ahalbidetuko dute. Interfábricas errepideari esker, gaur egun auzoarentzat hesi fisiko bat dena ezabatuko dugu; hortaz, etorkizuneko Serralta parkea eta eraikiko diren etxebizitzak erabat integratuta geratuko dira Lutxanako hiri-egituran. Gainera, Udalak lurzati bateko orube bat erosi du, beharrezkoa baitzen auzoari zerbitzuak eta sarbideak hornitzeko, oro har, eta Serraltaren etorkizuneko proiekturako, bereziki», adierazi du Pizarrok.
Horren haritik, Ogasuneko zinegotziak honako hau zehaztu du: «operazioa onuragarria dela uste dugu; interes orokorra defendatzen du eta Lutxana auzoaren garapenean laguntzen du, eta horregatik, hil honetan zehar Osoko Bilkuran aurkeztuko dugu, onetsi dezaten», aurreratu du Solak.
BIGARREN IZARTE-ETA HIRI-ERALDAKETA HANDIA
Barakaldo bigarren gizarte- eta hiri-eraldaketa handia bizitzen ari da, non auzoak diren protagonista nagusiak. Jarduketa honek, hortaz, Lutxana itsasadarrera zabaltzea eta hedatzen eta zerbitzu berriekin modernizatzen jarrai dezala ahalbidetuko du. «Zalantzarik gabe, inbertsio hau albiste oso ona da; albiste itxaropentsua Lutxanako bizilagunentzat, urte asko baitaramatzate ikusten bizitzarik gabeko orube horrek auzoa banatzen duela. Udalaren jabetzako lur bihurtzean, azkenean, Udaletik jardun ahal izango dugu eremu horretan auzoak dituen eskaerei erantzunez", esan du amaitzeko alkateak.
Compartir: